Baso Baliabideen Zentroa

2024-2026
EGIKARITZE PROIEKTUA ETA LANEN ZUZENDARITZA
Sustatzailea: Ingurumen Zuzendaritza Nagusia. Nafarroako Gobernua.
Egilekideak: Filo arquitectos
Arkitekto teknikoak: David Miqueléiz, Maxi Gómez
Ingeniaritza: Hobeki Technik SL
Eraikitzailea: Guillen Obras y Proyectos SL
Eskultura: Javier Poveda
Argazkiak: Maria Azkarate

_

Baso Baliabideen Zentro berria eta Sakana eta Mendialdeako Basozainaren egoitza Irurtzungo kanpoaldeko industrialde batean kokatzen da.

Lurzatiak oinplano karratu samarra du, eta zatituta dago aldeetako batean. Eraikuntzak lursail osoa hartzen du eskatutako programa funtzionalari erantzuteko.

Hiru isurialdeko estalki bakarra du, zurezko egituraduna eta horma pikoa mendebaldeko fatxadan ageri duena. Hauxe da programaren espazioei babesa ematen dien jatorrizko keinua, kokatuta dagoen industria-inguruneko eraikinekin alderatuta eskala txikikoa den behe solairuko bolumen bat sortuz.

Estalkiko hiru isurkien elkargunetik sabai-leiho bat ateratzen da, barruko espazioa argiztatu eta bertan tentsio bertikal bat sortzeko aukera ematen duena.Estalkiaren eta sabai-leihoaren materialtasunak, xafla izurtu grisean,eraikuntza industrialekin zerikusia du.

Iparraldeko eta mendebaldeko fatxadak poligonora sartzeko bideetara begira daude, eta babes-izaera hermetikoa dute. Modulazio zorrotza jarraitzen dute, baoek mendebaldean duten antolamendu libreak bakarrik aldatua. Zurezko taula testuradunen bidez estaltzen dira fatxada hauek, berde ilun kolorekoak, inguruko mendiekin elkarrizketan.

Ekialdeko eta hegoaldeko portikatutako fatxadek aldiz, eraikinaren zurezko egituraren erritmoa erakusten dute.  Atzeraemanda antolatutako fatxadako horma-atalek, babeserako sarbideak eta eraikinaren berezko aparkalekuak mugatzen dituzte.

Javier Poveda artistaren eskultura batek sarrerako ataria hartzen du eta, haritz baten zaharberritze eta berreraikuntza sinbolikoaren bidez, basozainen lanbideari aitortza egiten dio.

Barrualdean, espazioak basozainen landa-lanari lotutako eremuen eta administrazio-lanei lotutakoen arteko sekuentzia logikoari jarraituz antolatzen dira. Horrez gain, formakuntzarako eta baso-kudeaketaren munduko erakundeei erabiltzeko aukera ematen dien areto bat ere badago.

Eraikuntza-printzipio soil eta zuzenei jarraiki, material paleta murritza aukeratzen da, zurak protagonismo berezia har dezan.

Eskualdeko haranetatik lortutako egurra berotzeko baliatzen da. Ekintza hori basoizainek eurek kudeatzen dute, beste sistema osagarri batzuekin batera, eraikuntza mota honi dagozkion jasangarritasun printzipioei jarraituz.

Estalkiak, barrualdera begira dagoen egurrarekin, izaera ematen die espazioei, egituraren logikaren beraren eta oinplantaren soluzio funtzionalaren arteko kontraesanak naturaltasunez onartuz.